Su|cAlde 1e

Herrerako Sukalde

*Web orrialde hau eguneratua izan da! Egungo orrialdea ikusteko, jo menura eta sakatu Herrerako Sukalde-n 🙂

Eskerrik asko partaide guztioi!!

Lehenengo probaldiaren emaitzak ikusita udazkenera begira auzoko-zerbitzuaren bigarren txanpa bat irekitzera goaz, Herrerako Sukaldeko jarduera urriaren 12tik abenduaren 21era arte zabalduz. Interesa izanez gero, etor zaitez irailaren 15ean 18tan Auzotegian egitera goazen 1go probaldiaren baloraziora eta 2.txanpa berriaren aurkezpenera edo jarri zaitez gurekin harremanetan!
Oraindik ez bazera Auzo|co plataforma herritarreko kide, etzazu gehiago itxaron eta emazu izena, partaide berriak izen-ematearen segidaren arabera hautatuko dira-eta!
Jarraian, bigarren txanpako informazio zabalagoa duzue ikusgarri 😉

Auzotarrok dugun jateko-beharra asetzen lagundu nahi duen auzoko-zerbitzua da Herrerako Sukalde. Kontsumo-kolektibizatu honen bitartez, jakiak prestatzeak dituen kostuak auzotarron artean berdinduz (lehengaiak, sukaldea eta langileak) eta tokiko nekazari, abeltzain eta arrantzaleok ekoitzitako produktuak landuz elikadura osasuntsu eta goxoak prezio onetan eskaini nahi zaizkie auzotarrei.

Auzoko elkarte gastronomikoekin lankidetzan, zenbait goizetan soldatapeko sukaldariek janaria euren azpiegituretan prestatuko dute eta, arratsaldetan, ontzi-eramangarrietan zabalduko zaizkie auzotarrei. Irabazi asmorik gabeko ekimena denez, diru-sarrerak zerbitzuaren kostuak ordaintzera eta horrelako ekimenak auzoan sustatzera bideratuko dira, lurraldean ekonomikoki, sozialki eta kulturalki eragin positiboa izango dutenak.

Auzoko-zerbitzua erabiltzea, katering-zerbitzu batean kontsumitu baino, auzotarren beharretara egokitzen den zerbitzu kolektibizatuari bizia ematea suposatzen du. Ekonomikoki errentagarriak diren proiektu eraldatzaileen bidez balore jakin batzuk sustatzea lortuko da, “erosle” edo “saltzaile” figuratetatik haratago, auzotarrentzako eta auzotarrengandik sortutako zerbitzu ekonomiko jasangarriak martxan jartzea lortuz.

Interesa pizten badizu izena lehenbailehen ematea aholkatzen dizugu, partaide-muga izen-emateen segida errespetatuz jarriko baita! Etzaite kanpoan gelditu!!
(on-line izen-emateak irailaren 30an itxiko dira)

Animatu auzo|co partaide izatea!
Herrerako Sukalde-ko partaide kopurua mugatua eta izen-ematearen segidaren araberakoa da, beraz, izena lehenbailehen ematea komeni da!

“Su|cAlde” ekimenaren bitartez balio hauek gure komunitateetan sendotzea lagunduko duzu:

Elkarlana eta Gizarte-kohesioa:

  • Auzokideen arteko giza-harremanak sustatuko dira, ekimenean zehar egongo diren topaketa eta lankidetza-uneen bitartez.
  • Ekimen hau, Auzoko plataforma herritarraren oinarri etikoarekin bat egiten duten belaunaldi, jatorri, genero eta sinesmen ezberdinetako auzotarrei zuzentzen zaie, berdinki.
  • Auzoko-zerbitzua etengabe hobetzeko partaideen iritziak jasotzeko mekanismoak sortuko dira.
  • Administrazioarekin lankidetzan aritzeko irekitasuna adierazten da, komunitatearen autonomia errespetatuz auzotarron beharrei erantzuten dieten proiektu komunitarioetan lankidetza inter-instituzionala sustatuz.

Jasangarritasuna:

  • Tokikoak diren eta ekoizpen-eredu jasangarriak erabiltzen dituzten ekoizleak lehenetsiz, karbono arrasto txikiko eta ingurugirorako kaltegarriak diren praktikak baztertzen dituzten kontsumo-ereduak indartuko dira.
  • Janaria banatzeko ontzi berrerabilgarriak erabiliko dira, plastikoaren sorkuntza eta erabilera murriztzea lortuz.
  • Soberakinak kudeatu eta janari-galera ekiditeko (zarrastelkeria) aurreikuspen-sistemak erabiliko dira prozesuan zehar.

Tokiko-garapena:

  • Tokiko kontsumoaren bidez eta auzotarrentzako lanpostuak sortuz komunitatea ekonomikoki sendotzea lortzen da.
  • Lankidetzaren bidez norbanakoen esfortzuak murriztea lortzen da, auzotarroi bizimodua erreztuz.
  • Auzoko-zerbitzu honen jardunean zehar euskararen erabilera sustatuz, hizkuntz aniztasuna kudeatzeko medioak jarriko dira eta euskararen ulermen eta erabileraren aldeko apustua egingo da.

Justizia:

  • Egungo gizarteko desoreka sozial batzuengan eragina izatea bilatzen da: 1go sektorearen lana behar bezala aitortzea, merkatuak barneratzen ez dituen etxeko-lanak kudeatzeko irtenbide kolektiboak eratzea, ahulezian dagoen tokiko-hizkuntza eta izaera sendotzea, oinarrizkoa falta zaien eta bazterketa arriskuan dauden auzotarroi erreztasunak ematea… besteak beste.
  • Osotasunetik lantzen duen ekimena da,  bizitzaren dimentsio askotan eragitea bilatzen duena: ekonomian, harremanetan, identitatean, ahalduntze herritarrean, osasunean, kulturan, naturan…

Partaideek Herrerako Sukalde ekimenean parte-hartzeko, lehenik eta behin, menu hauetatik astero zein jaso nahi duten aukeratuko dute, gutxienez azaroaren 15era arte mantenduko duten hautua izango da honakoa.


Ordainketa hilabetero eta jasoketen aurretik:

Bi ordainketa bereiziko dira, beraz, 2. txanpa honetan (5 astean behin):

  • 1go ordainketa: Urriaren 12tik azaroaren 15erako tarteari dagokiona.
  • 2. ordainketa: Azaroaren 16etik abenduaren 21erako tarteari dagokiona.


Ordainketa bi ataletan banatzen da:

Alde batetik, eta 1go probaldian parte-hartu ez baduzu, hasierako gastu modura ontziak ordaintzen dira lehenik (ordainketa bakarra, hasieran), bestetik, aukeratutako menuari dagokion hilabeteko gastua. Jarraian goiko irudian azaltzen diren menu-moten azalpen zehatza:

Udazkeneko menu eta prezioak:

  • OSOA: 10 edukiontzi astero.
    5 lehenengo eta 5 bigarren plater astean:
    – 36€/astean, 144€/hil –
    – edukiontzien hasierako gastua: +25€
  • ASTELEHENA: 4 edukiontzi astero.
    2 lehenengo eta 2 bigarren plater astean:
    – 16€/astean, 64€/hil
    – edukiontzien hasierako gastua: +10€
  • ASTEAZKENA: 6 edukiontzi astero.
    3 lehenengo eta 3 bigarren plater astean:
    – 24€/astean, 96€/hil –
    – edukiontzien hasierako gastua: +15€
  • LEHENENGOAK: 5 edukiontzi astero.
    5 lehenengo plater astean:
    – 17,5€/astean, 70€/hil –
    – edukiontzien hasierako gastua: +12,5€
  • BIGARRENAK: 5 edukiontzi astero.
    5 bigarren plater astean:
    – 22,5€/astean, 90€/hil –
    – edukiontzien hasierako gastua: +12,5€
  • KAXUELiTA 1go: 3 razioko edukiontzia astero.
    Kaxuelita lehenengo platerana astean:
    – 12€/astean, 48€/hil –
    – edukiontzien hasierako gastua: +5€
  • KAXUELiTA 2.: 3 razioko edukiontzia astero.
    Kaxuelita bigarren platerana astean:
    – 18€/astean, 72€/hil –
    – edukiontzien hasierako gastua: +5€

Ordainketa esku-dirutan edo transferentzia bidez egingo da.

Herrerako Sukalde-ko 2.txanpan parte-hartzerakoan lankidetza-eremu batean sartzen zera, zerbitzuaren praktika bermatuko duen funtzionamendu batean. Hau da urriaren 12tik aurrera izango jasoketa funtzionamendua:

  • Astelehenetik asteazkenera hurrengo asteko menua aukeratzen dute partaideek (mugikorrez edo telefono dei bitartez).
  • Jasoketara aurretik erabilitako ontziak garbiak itzuliko dira eta poltsa bat eramango da ontzi berriak jasotzeko.
  • Noizbehinka zerbitzua hobetzera bideratutako ebaluazio galdetegiak erantzungo dituzte partaideek.
  • Lau jasoketa-ordu daude:
    · Asteleheneko otorduak: Astelehen arrats (18:30/20:30) edo astearte goiz (12:30/13:30).
    · Asteazkeneko otorduak: Asteazken arrats (=) edo astearte goiz (=).
  • Astelehenean 2 lehenengo eta 2 bigarren plater prestatzen dira eta, asteazkenetan, 3 lehenengo eta 3 bigarren plater. Ohiko menuaz gain, astero beste 6 plater “iraunkor” daude ere aukeran (menuko aukerak ordezkatzeko): 3 pasta eta 3 entsalada mota.


Alboan uztailan zehar egindako Herrerako Sukalde-ko probaldiko asteetako batean egondako menu-eredua ikusgai (plater hauetaz gain beste 6 plater iraunkor zeuden ere astero, 3 pasta eta 3 entsalada):

Udazkeneko zerbitzurako prestaketa-datak:

Herrerako Sukalde-n parte hartzeko interesa baduzu, hauek dira eman beharko dituzun pausuak:

  • Lehenik eta behin eta Auzoko plataformak sustatzen dituen baloreekin bat egiten baduzu, emazu izena Herrerako Sukalde ekimenean.
  • Gutxienez 5 asteetan zehar ontziak jasotzeko konpromezua hartzen duzu (azaroak 15era arte), nahiz eta zerbitzuak aurrera jarraituko duen, abenduaren 21era arte gutxienez.
  • Hasi aurretik, partaideen artean prestaketa-topaketa bat egingo da (bi egun ezberdinetan egingo dena, lanegunean arratsaldez eta asteburuan goizez) behin-betiko funtzionamendua azaltzeko eta azken zalantzak argitzeko.
  • Auzoko-zerbitzuak urriaren 12an ekingo dio eta noizbehinka ebaluazio galdetegi batzuk bidaliko dira, zerbitzua hobetzeko balioko dizkigutenak.
  • Abenduaren amaieran egindakoaren irakurketa partekatua egin eta 2021 urtean jarraitzea baloratuko da.

Partaidetza errezteko asmoz, talde-biderapena egongo da prozesuan zehar partaideen partaidetza eta jarduera ekonomikoaren garapena zaintzen. Herrerako Sukalde auzoko-zerbitzu bat da, partaideen lankidetzaren bidez auzotarroi kalitatezko-zerbitzu bat ematea bilatzen duena.

Ekimena zenbait eragileren lankidetzari esker ematen ari da aurrera:

Horretaz gain, ordea, bi gazteren sustapen bereziaren bultzada dauka, hemen dituzue:

Xenki Berho Mujika; Herreran jaiotako auzotar honek, Arkitektura Teknikoko diplomatura amaitu ostean talde-dinamikari lotutako ikasketei ekin zien: taldeetako gobernantza, harremanak, egituraketa, emozio eta gatazka kudeaketa, kohesioa, sormen kolektiboa… bideratu eta garatzeko tresnak eta ezagutzak jasoz. Ia hamarkada bat darama Gipuzkoako ekimen sozial eta enpresarialetako bidelaguntza prozesuak diseinatzen eta bideratzen. EMANHAR Gizarte-elkarteko lehendakaria, Herrerako Sukalde ekimeneko parte-hartze prozesuaren arduraduna da.

Aitor Miraya Alonso, Kataluniako Igualada herrian jaiotakoa eta Osteleritzako Zuzendaritza ikasketak egin ostean Basque Culinary Centerren “Osterlaritza Kudeaketa eta Berrikuntza” masterra egindakoa. Izen handiko jatetxeetan sukaldari eta sukaldeburu moduan lan egin du (2 Michelin izardun “Compartir” eta Escribá anaien jatetxeetan, esate baterako), masterra amaitu eta Egian bizitzen gelditu zen, 2 urtez “Antonio Bar” bezelako tabernetan lan eginez euskal gastronomiaren usaietan barreiaturik ibili delarik.


Janaria prestatzea, gure eta gure ingurukoen bizitzak zaintzeko eguneroko etxeko-lana da, gehienetan feminizatutakoa izan dena. Bakoitzak bere etxeetan egin edo kanpoko jatetxeetan egina erosi beharrean, zergaitik ez kolektiboki antolatu, sukaldariak jarri eta esfortzua, denbora eta gastuak aurreztu osasuntsuak diren jaki goxo eta merkeak gure artean banatzeko, gure lurraldeko 1go sektorea indartuz, gainera?

Ongi etorri Auzoko-ren ‘Su|cAlde’ ekimenera

Partekatu! / ¡Compartenos!
Scroll to top